Last minute: "Borroka egin behar da mendekuaren kontra, egiaren alde" Bakea eta bizikidetza. FOROAREN ONDORIOAK Iparraldeko alderdi denetako kideek agiria gaur Jaurlaritza eta Ipar Irlanda elkarrekin, biktimez eta presoen gizarteratzeaz Auzitegiak betiko itxi du gobernuak CAN ikuskatu ez izanaren auzia EH Bildurekin bideratzen ari dira harremanak, Urkulluk dioenez Nagore Mujika libre uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak, bermerik gabe Sarek salatu du Hitzeman programak ez duela konponduko presoen afera Euskal presoen amnistiaren aldarria kalera ateratzera deitu du ATAk Gipuzkoako Batzar Nagusiek Jaime Arrese batzarkide ohia omendu dute
feeds
Listen live!

Latest

Nov. 20, 2012

Euskaraz bizi herrixka globalean

img/euskaraz121120.jpg

Globalizazioa
Oso urte gutxitan planetakoak bihurtu gara. McLuhanen iragarpen famatua orain
ulertzen da, 50 urte beranduago. Mundua herrixka bat da, lehen guztiz exotiko
zitzaizkigun parajeak eta errealitateak orain hurbilekoak ditugu. Handitu egin da
munduarekin partekatzen duguna eta higatu berezkoaren esparrua.

Identitatea
Aurreko joerak berak piztu du beste bat orekatzailea: erabat uniforme izateari
uko egin eta identitateari eustekoa. Eta hau akuilu bihurtu da izaera gordetzen
duten komunitateentzat, batez ere berezko hizkuntza dutenentzat. Globalak ez
diren hizkuntzak –hau da, ia guztiak- aldarrikatzen dira gero eta gehiago. Uholde
globalari eusteko, norberetik eta norberaren hizkuntzan.

Amarauna
Globalizarioaren tresna nagusia hedabide gobalak izan dira, horiei esker bilakatu
da herrixka lehen planeta zena. Sare laukidunak lotzen gaitu munduarekin,
hurbilekoa eta urrunekoa maila berean jarrita. Aldiz gure egunerokoa hurbilean
gauzatzen da zati handian, oraindik. Sare laukidunean baino, amaraunean: gu
erdigunean, hurbilekoa ondoan, urrunekoa harago. Hedabideak behar hurbilekoa
kontatzeko.

Euskara
Euskaldunon berezko hizkuntza, mende luzez ahuldua batzuk eta besteek, azken
hamarkadetan suspertu nahi duguna. Badu gaitasunik, ari da irabazten hiztunak
eta esparruak, behar du bere komunitatearen nahia. Behar du euskalduna jabetzea
euskarak nortasuna ematen diola munduan egoteko.

Euskara herria
Euskararen herrian orain minoria da bere hiztunen komunitatea. Ez da bilakaera
naturala izan, behartua baizik. Eta ez da derrigorrezkoa, ez eta atzeraezina
ere. Kontua da eraginen norabidea aldatzea eta alde jartzea, euskara bizi
dadin. Hiztunen nahia behar da horretarako. Euskaldun bizi nahi sendoa eta
konbentzimendu handia. Eta –zer esanik ez- aukera berdintasuna, baldintza
egokiak, ahalmendunaren bulkada...

Euskara elkarteak
Komunitatearen nahiak sortu zituen, euskaraz bizitzeko esparruak behar
zirelako. “Arrasate Euskaldun Dezagun” jarri zion bere buruari izena sortu zen
lehenak. Ezin argiago. Euskaraz bizitzeko, herria euskaldundu. Arrakasta izan
zuen asmakizunak, eta ziento bat elkarte sortu da harrezkero, beste horrenbeste
herritan.

Toki hedabideak
Denek ez zuten McLuhan ezagutuko, baina euskara elkarteek argi ikusi zuten
amaraunaren premia. Gutaz eta hurbilekoaz jarduteko hedabideak, gure
hizkuntzan. Informazio uholdearen baitan komunitate irauteko, euskaratik.
Berriro arrakasta, eta dozenaka toki hedabide sortu ziren 90eko hamarkadan,

erdaretan zeudenei nagusituz. Lehia irekian urrezko domina irabazi zuen hor
euskarak. Ez ditu asko bitrinan.

Batera
Herriz herriko elkarteak indartzeko sortu zen Topagunea duela 15 urte, eta
toki komunikabideak bateratzeko eratu da TOKIKOM aurten. Batera hobeto
eragiteko. Eta Kontseiluan ere helburu berarekin ari gara. Euskara herrian gero eta
indartsuagoa izan dadin euskararen nahia, euskaraz bizi nahia.

Hain zuzen horregatik deitzen dizugu abenduaren 1ean Donostiara joan gaitezen:
aukera berdintasuna, baldintza egokiak eta nahikotasuna lortzeko, bagarela eta
izaten jarraitu nahi dugula indarrez adierazteko. Herrixka globalean euskaraz bizi
nahi dugulako.

Mikel Irizar eta Jasone Mendizabal Topaguneko presidentea eta zuzendaria hurrenez hurren

close