Last minute: Agur kutxei, hirugarrenez Laugarren atala Kutxabanken aurkako bi eraso, Gasteizen eta Igorren Batzar Nagusiek jarriko dituzte izenak Kutxan Nafarroa, Faineren paradisua Mugarri izateko baldintzak Testua izenpetzea epe luzeko engaiamendua dela ohartarazi dute "Fini da Hautetsien Kontseiluaren garaia" Aurrekontuetan ez dutela "txeke zuririk" emango ohartarazi dio PSEk EAJri Libre utzi dute Antton Guinea, mehatxu delitua egotzita atxilotu ostean
feeds
Listen live!

Latest

Nov. 16, 2012

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO

img/euskarazbizia_aek.jpg

Abenduaren 1ean euskal herritarrok hitzordua dugu Donostian,
manifestazioa burutuko dugulako, bertan, “Euskaraz bizi nahi dugu”
lelopean.

Milaka herritar gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok; baina,
zoritxarrez, milaka arazo aurkitzen dugu geure nahia betetzeko. Oraindik
ere lan handia dago egiteke euskararen normalizazioan; hori azpimarratu
du, duela gutxi, Europako Batzordeak berak , Hizkuntza Gutxituen Itunaren
konpromisoak betetzen ote diren aztertu ostean.

Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi
esparru indartu behar dira: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal
izateko guneak. Biak ala biak bultzatzen ditugu AEKn, jakina, eta
horretxegatik egiten dugu bat manifestazio deialdiarekin.

Hizkuntza batean bizi ahal izateko, hizkuntza horren ezagutza
ezinbesteko aldagaia da. Euskararen kasuan, ezagutza indizea igo egin da
azken urteotan, baina ez eragite nabarmenetarako beste: euskara ez
dakitenen kopurua oso altua eta kezkagarria da oraindik ere. Bestalde,
ezagutza indizearen barruan daudenak -ia euskaldunak, esaterako-
erabiltzeko benetako gaitasunarekin zenbateraino bat datozen ere
sakonago aztertu beharko litzateke.

Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, bere garaian, indar
handia jarri zen haurren hezkuntzan, baina ia batere ez transmisioan; hau
da, gurasoei begirako euskalduntzean, Helduen Euskalduntze
Alfabetatzean. Egindako zenbait ikerketaren arabera, azken hamarkadetan
euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, eta horien herena euskaltegiei zor
zaie, alajaina! Ametsetan hasita, zein egoeratan geundeke euskalduntze
alfabetatzea buru-belarri bultzatu izan balitz eta, hezkuntzak
euskaldundutako umeekin batera,indar berarekin eta neurri berean helduak
euskaldundu izan balira?

Zalantzarik gabe, erabileran aurrera abiada egokian egiteko,
hizkuntzaren ezagutza unibertsal bihurtu beharra dago, ezinbestekoa da
ezagutza bermatzea. Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat da
baliabideak jartzea, euskara ikastea doakoa izan dadin. Gaur egun, gezurra
badirudi ere, herri honetan berezkoa dugun hizkuntza ikasteko ordaindu
egin behar da. Gainera, bere garaian emandako pausu egoki batzuk
(azterketak gainditzeagatik jarritako bekak, administrazioko langileendako
laguntzak eta liberazioak...) oso ondo baloratuak izan arren, eta
doakotasunerako bidean ezinbesteko hobekuntzak izan arren, azken
urteotan murriztu edota desagertarazi dira krisiaren aitzakipean. Helduen
Euskalduntze Alfabetatzea da, euskaltegiok modu egokian bideratuta eta
baliabidez jantzita, esparru administratiboan, sozialean eta lan-munduan
ezagutza hori bermatzeko tresnarik eraginkorrena, baita erabilera eta
normalizazioa bultzatzeko ere.

Bestalde, lehen aipatu dugun bezala, hizkuntza bat normaltasunez
baliatzeko erabilera espazioak/guneak behar dira; haatik, tamalez, sarri

askotan gertatu izan da, eskolak eta euskaltegiak euskalduntzeko guneak
izan diren modu berean, kalea edota gizartea bera gai izatea jendartea
erdalduntzeko. Euskarak, hortaz, erabiltzeko espazioak irabazi behar ditu,
gune publiko zein pribatuak. Erabilerarako gune horiek toki publikoetan
bermatzeko beharra ere hor dugu; euskara erabiltzeko benetako aukera
eduki behar dugu, eta ez oztopoz jositako lasterketa edo proba. Esaterako,
euskaraz bizi nahi dugunok erdarazko produktuak ditugu nagusi; besteak
beste, telebista ikusi, zinema estreinaldiez gozatu edota zibermunduan ibili
gura dugunean. Aisialdiarekin lotutako jarduera asko eta askotan, euskara
bigarren mailan (edo atzerago) dago, eta egoera hori, noski, euskararen
erabilera normalizatua lortzeko traba bihurtzen da.

Aipatutako arlo bi horiek lantzen ditugu AEKn, euskararen
normalizazioan giltzarria den hirugarren zutabearekin batera, sustapena
hain zuzen ere. Sustapenean, KORRIKA dugu ekimenik garrantzitsuena; bi
urtean behin euskararen alde milaka lagunek betetzen dituzte Euskal
Herriko errepideak. Datorren udaberrian, hain zuzen ere, 18. Korrikak
euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsonak omenduko ditu,
euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren
guztiak, beraiek direlako euskararen berreskurapenean zutabe
garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, helduak euskalduntzen doazen heinean,
transmisioan etenik egongo ez dela ziurtatzen ari gara. Ikasi eta baliatu
nahi dutenek egiten duten ahaleginari esker, elkarbizitzarako aukerak
sortzen eta denok euskaraz bizitzea ahalbidetzen ari dira.

Hau guztia premiazkoa eta lehentasunezkoa dela ikusi beharko luke
hurrengo Jaurlaritzak, eta hori da, hain zuzen ere eskatzen eta eskatuko
duguna. Beraz, orain arte esan dugun guztiagatik, inongo aitzakia barik,
abenduaren 1ean denok Donostiara, “euskaraz bizi nahi dugulako”.

Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea
eta AEK koordinatzaile nagusia, hurrenez hurren.

close