Last minute: "Konpon dezatela behingoz" Ez aurrera eta ez atzera Kartzela galeria batean, bakarrik Espero ez zuten erantzuna ESANA. MERTXE AIZPURUA. Udalbiltzako lehendakaria Aurrekontuak adostea posible izango dela uste du PSE-EEk Igandeko galdeketak arrakasta izatea espero dute Ertzaintza ez dadila eskubideen aurka erabili eskatu dute Erreforma, "hausturarik gabe" Gerra estali, mezulariari eraso
feeds
Listen live!

Latest

Nov. 28, 2012

Euskaraz bizi nahi dugunon garaia

img/paulbilbaoargaz.jpeg

Izenburua irakurrita seguru nago hainbat egoera etorriko zaizkizuela gogora, izan ere,
askotan erabilia izan da norbaiten edo zerbaiten garaia dela, eta, akaso, errepikari
ere bihurtu izan da. Halere, oraingoan izenburu hori jarri nahi izan dut benetan uste
dudalako gure garaia iritsi dela, euskaraz bizi nahi dugunon garaia, euskaraz bizi nahi
duen herriaren garaia.

Azken urteotan aurrera egin du euskararen herriak, zalantza-izpirik ez dut. Gurea
bezalako hizkuntza gutxiagotuen berreskurapen-prozesuei begiratuz gero, harro
esan dezakegu aurrera goazela, eta horren arrazoi nagusienetako bat euskararen
herriak euskaraz bizitzeko agertu duen nahia izan da. Euskaraz bizitzeko nahi hori
errealitatezkoa izan dadin euskalgintzak hizkuntza-berreskurapenari egin dion
ekarpena azpimarratu behar delakoan nago: hezkuntzan, helduen euskalduntzean, lan-
munduan, zientzian, interneten, itzulpengintzan, kulturgintzan, sorkuntzan, motibazioan,
hedabideetan... Eta horietan guzietan euskaraz bizitzeko nahia egon izan da atzean.

Euskaraz bizitzeko nahiari pasioz, determinazioz eta grinaz eutsi dio euskararen herriak;
eta nahi horrek eragin zuzena izan du gure herrian eman diren aurrerapausoetan.
Azken asteotan herritar anonimo batzuen eskutik nahi hori erakutsi izan dugu: Leire
ataundarrak euskara erabiltzeagatik inoiz umiliatua izan dela azaldu digu, bai eta
semeentzat halakorik nahi ez duela ere, eta, horrexegatik, ama baten bihotzetik,
hizkuntza-eskubideak babesteko eskatu du, laguntza zuzena eskatu du; Iñigo eta Aizeti
Bilbotarrek alabaren pediatra euskalduna ez izateak eragiten dien inpotentzia azaldu
dute, baina oztopoen gainetik euskaraz bizi direla adierazi dute; eskolak euskaldundu ez
eta bere burua euskalduntzeko asmo irmoa erakutsi digu Ruben gasteiztarrak; Nekane
lekaroztarrak lanbide-heziketan euskalduna izateagatik pairatutako bereizkeria kontatu
digu, baina egun euskaraz lan egiteak eragiten dizkion abantailak ere partekatu ditu.
Jasone leitzarrak arnasgune batean bizitzeak lasaitasuna dakarkiola azpimarratzen du;
euskaraz bizitzea erabaki bat ez ezik, sentimendu bate ere badela azaltzen du. Adibide
batzuk besterik ez dira izan, euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak, euskaraz
bizitzea naturaltzat hartzen duten herritarrak, eta jakin badakigu herritar hauen moduan,
euskaraz bizitzeko nahiari eutsi eta eusten dioten herritarrak milaka izan direla azken
urteotan.

Halere, herritar horiek beharrezkoak izan arren, euskaraz biziko den herria erdiesteko
ez da nahikoa herritarron borondatea. Lehenik eta behin, gure hizkuntza-komunitatea
handitu behar dugu, eta horretarako euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora
eramango gaituzten erabakiak eta politikak behar ditugu. Bai, erabakiak eta politikak
diot, horretara iristeko tresnak aspaldi jarri baitzituen abian euskalgintzak. Bestetik,
euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko espazioak euskalduntzeko politika
eragingarriak behar ditugu, eremu sozioekonomikoan eta aisialdian bereziki, eta berriz

ere esan behar dut erabakiak behar direla, eremu horretan ere, euskalgintzak aspaldian
sortuak dituelako tresnak.

Orain, horiek eskuratzeko bideak jorratzea dagokigu. Baldintza sozial egokiak behar
ditugu gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuak beharrezkoak dituen baldintza
politiko, ekonomiko eta juridikoak eskuratzeko; tamalez, ez baitira egun batetik
bestera etorriko. Hortaz, gure garaia dela erakutsi behar dugu. Instituzioetan, eragile
politikoetan, sindikalgintzan, gizarte-eragileetan... horietan guztietan erakutsi behar
dugu euskaraz bizi nahi duen herria izan badela, eta herri horri erantzun behar diotela.
Euskalgintzak eta euskararen herriak aspalditik erakutsi du zer nahi duen, baina
erantzukizuna partekatua dela ulertu behar dute horiek guztiek, hots, gure hizkuntzaren
etorkizunean betebeharrak dituztela ulertarazi behar diegu. Lan horretan Kontseiluak
eragiten jarraituko du, baina herritarren laguntza beharrezkoa dugu. Herritar bakoitzak
eragile bihurtu behar dugu geure burua, eta euskaraz bizitzeko nahia berma dakigun
konpromisoak eskatu behar ditugu; alegia, gure nahiari erantzuteko neurriak eskatu
behar ditugu.

Eta determinazio hori erakusteko, abenduaren 1ean euskararen herriak, euskaraz bizi
nahi duen herriak, Donostiako kaleak bete behar ditu. Euskaraz bizitzearen hautua
egiteagatik harro gaudela erakusteko aukera izango dugu larunbatean. Euskaraz bizi
nahi duen herriari erreparatu behar zaiola erakutsiko dugu, ezikusiarena egiterik ez
dagoela lortu behar dugu, are gehiago, euskaraz bizitzea posible egiteko zeinek bere
erantzukizunari erantzun behar diola zabalduko dugu.

Euskaraz lan, irakurri, kontsumitu, pentsatu, jolastu, maitatu... BIZI nahi dugulako
abenduaren 1ean determinazioa, pasioa, grina, gogoa, erakutsiko ditugu Donostiako
kaleetan zehar. Euskaraz bizi nahi dugunon garaiari ekingo diogu. Ez hutsik egin, zeure
garaia ere izan dadin!!!

Paul Bilbao Sarria
Kontseiluko idazkari nagusia

close