Last minute: "Konpon dezatela behingoz" Ez aurrera eta ez atzera Kartzela galeria batean, bakarrik Espero ez zuten erantzuna ESANA. MERTXE AIZPURUA. Udalbiltzako lehendakaria Aurrekontuak adostea posible izango dela uste du PSE-EEk Igandeko galdeketak arrakasta izatea espero dute Ertzaintza ez dadila eskubideen aurka erabili eskatu dute Erreforma, "hausturarik gabe" Gerra estali, mezulariari eraso
feeds
Listen live!

Latest

Nov. 28, 2012

Euskaraz bizitzeko, euskarazko komunikabideak behar ditugu

Iban Arantzabal eta Iban Arregi

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko Zuzendaritza Batzordearen izenean *

Larunbatean, abenduak 1, Euskaraz bizi nahi dugu leloa oihukatuko dugu euskaltzaleok
Donostiako kaleetan. Euskaraz jarduten dugun hedabide ez publikoak batzen dituen HEKIMEN
elkartearen izenean, Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu nahi
zaituztegu.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz bizi nahi badugu, komunikabide esparru
indartsua izatea ezinbestekoa da. Euskal Herrian azken hamarkadatan gizarte hedabide sare
zabala sortu da: 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonarengana heltzen
gara. Esparru txikia da gurea baina, aldi berean, indartsua eta ezinbestekoa euskaraz bizi nahi
badugu.

Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean.
Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken
hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide
ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, hizkuntza-komunitatea
osatzeko, gizarte hedabide sare zabala behar bezala babestu behar dugu.

Euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendoa garatzeko,
elkarlanaren bidea jorratu dugu urte guzti hauetan euskarazko komunikabideek. Elkarlan hori
bideratzeko, HEKIMEN elkartea sortu berri dugu. 50 komunikabide baino gehiago batu gara,
euskaraz bizi ahal izateko euskaraz bizi ahal izateko garrantzitsuak garela aldarrikatzeko.

Euskaraz bizi ahal izateko, ezagutza eta borondateaz gain, ezinbestekoak dira baliabideak.
Euskarazko eremuak behar ditugu. Hedabideen kasuan, gure herrietan, euskal gizartean,
Europan, munduan… gertatzen denaz informatuko gaituzten komunikabideak behar ditugu.
Teknologia berriek eta Internetek ekarri dituzten aldaketetara egokitutako komunikabideak.

Komunikabideontzat ez dira garai onak, krisi hotsak nonahi entzuten dira. Baina ilusioz ari
gara beharrean, bizi dugun egoera gaitzari elkarrekin erantzunez. Euskal gizarteak garai berriak
bizi ditu, testuinguru egokia euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko.
Euskarazko komunikabideek, azken hamarkadetan bezala, gure ekarpenarekin jarraituko
dugu. Guztiok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.

* Iban Arantzabal (Tokikom), Iban Arregi (Berria), Joseba Igerabide (Xaloa Telebista), Idoia
Iparragirre (Gaur 8-Zazpi Haizetara), Berdaitz Goia (Argia), Iñaki Uria (11amaika Telebista), Jon
Mikel Zabalegi (Gazteberri) eta Aitziber Zapiain (Euskal Irratiak)

close